Asteartea, 2012ko urriak 11a.

Gora egin du Carlsenek Bilbon, eta Caruanarekin berdindu buruan.

Xake jokalari italiarra zen lider Sao Pauloko txanda amaituta, baina norvegiarra indartsu ari da atzetik aurrera.

Josu Tornay. Donostia.

Magnus Carlsen norvegiarrak, munduko lehenak, Fabiano Caruana italiarra harrapatu zuen herenegun, Grand Slameko finalean. Caruanak lehen buelta ederra egin zuen Sao Paulon (Brasil), eta bakarrik egon da gailurrean torneoa hasi zenetik. Baina astelehenean, Bilbon, bigarren txandaren hasieran, Carlsenek gainditu egin zuen italiarra, eta herenegun norvegiarrak berriz ere irabazi zuen bere partida, Paco Vallejo balearraren kontra. Horrek eta egun berean Caruanak Sergei Karjakin errusiarrarekin berdindu izanak norvegiar gaztea sailkapeneko gailurrean ipini dute. Astearteko beste partidan, Viswanathan Anand indiarrak, munduko txapeldunak, berdindu egin zuen Levon Aronian armeniarraren kontra. Anandek torneo honetako partida guztiak berdindu ditu.

Bilboko bigarren txandako partidak oso interesgarriak izan ziren. Carlsenek estu eta larri gainditu zuen Vallejo. Balearrak aukera politak izan zituen partida berdintzeko eta une batean baita irabazteko ere. Baina, denbora gutxi edukita, akats pare bat egin zituen jarraian, eta Carlsenek ez zuen barkatu. Caruanak, berriz, nagusitasunez irabazteko aukera izan zuen. Irekitze espainiarra erabili zuen, eta Karjakinek defentsa berlindarra planteatu zuen. Piezak bizkor aldatu ziren, eta posizioa nahiko lasaitu zen, italiarrak irabazteko aukera barik geratzeko.

Atzo atseden jardunaldia izan zen, eta antolatzaile eta xakelarien arteko futbol partida jokatu zen. Gaur lehia ofiziala bueltatuko da, eta oso partida interesgarriak espero dira. Caruanak eta Carlsenek beltzekin jokatuko dute Anand eta Karjakinen aurka. Aronian eta Vallejo ariko dira beste partidan.

Sailkapena.

GRAND-SLAM-EKO FINALA.

1.    Fabiano Caruana (Italia) 12 puntu.

2.    Magnus Carlsen (Norvegia) 12 pt.

3.    Levon Aronian (Armenia) 9 pt.

4.    Viswanathan Anand (India) 7 pt.

5.    Sergei Karjakin (Errusia) 5 pt.

6.    Paco Vallejo (H. Katalanak) 4 pt.